Skip to main content
Cargando
 
...

Edukiak

BiNaDi Nafarroako ondare bibliografikoko inprimakiak eta eskuizkribu batzuk biltzen hasi zen. Liburuak bildu zituen gehienbat, baina baita aldizkarietako argitalpenak eta material grafikoak ere, hala nola mapak eta laminak. Nafarroarentzat garrantzi instituzional berezia duten lanez gain, Nafarroan sortu diren edo egile nafarra duten bibliografia aniztasuna erakusten duten izenburu sorta bat dauka, barne hartuta balio material urriko inprimaki txikiak eta Nafarroako egunkarietako argitalpenik onenak. Gaiak ere askotarikoak dira, literatura ez ezik, eduki historikoak, juridikoak, zientifikoak eta erlijiosoak aurkitzen baitira, bai akademikoak bai dibulgaziozkoak.

BiNaDik aukera ematen du hura osatzen duten objektu digitalak deskargatzeko, eta, beraz, hasiera batean, jabari publikoko argitalpenak bildu ditu. Hala ere, azken urteotan, nabarmen aberastu da bere funtsa, Nafarroako Gobernuak berak edo beste erakunde batzuek Nafarroarekin lotutako argitalpen garaikideak eman dizkiote eta.

Nafarroako Liburutegiko funtsetatik, pieza garrantzitsuak hartzen dira; besteak beste, hauek: Antonio Guevararen Aviso de privados y doctrina de cortesanos (Iruñea, 1579), Iratxeko Unibertsitatearen Estatutuak eta frantsesen 1823ko setioan eskuz egindako Iruñeko plano bat.

Nafarroako beste liburutegi publiko batzuetatik hartutakoen artean, honako hauek nabarmentzen ditugu: José Vicente Díaz Bravoren Memorias históricas de Tudela (1759) lanaren eskuizkribua –Tuteran dago gordeta–, Lesakako armarriari buruzko epai betearazlearen eskuizkribua (herri horretako liburutegi publikoarena da) eta Iván de Nogalesen (1884-1929) bi inprimaki bitxi (Berako Isidoro Fagoagak emandakoak).

CCPBren lanketaren esparruan BiNaDiren bidez zabaltzeko originalak eman zituzten Nafarroako erakundeen artean, Nafarroako Artxibo Nagusia aipatu behar da, beste izenburu batzuen artean, hauek eman baitzituen: Baztango ordenantzak (1733) eta nafarren Madrilgo kongregazioaren eraketak (1761); Tuterako Udal Artxiboa, hauek digitalizatu ahal izateagatik: San Adriángo markesaren etxeko heziketa eta ekonomiari buruzko eskuizkribuak (XVIII. mendea) eta Conchillosen eskuizkribua (1769); Iruñeko Katedraleko liburutegia, hauek emateagatik, besteak beste: elizbarrutiaren meza liburua (Brocar, 1501) eta Pedro Irurozquiren iruzkinak Lizarran 1557. urtean inprimatutako ebanjelioen gainean; kontzilio apaiztegiko liburutegia, Brocarrek inprimatutako bi liburuki eta antzinako kronologiari buruzko obra bat –Moret aitaren eskuizkribuarekin (1645)– emateagatik; Orreagako Kolegiatako liburutegia, ekarpen hauengatik: Martin Azpilikuetaren bizitza (Erroma, 1575) eta Kolegiataren historiaren eskuizkribua, Juan Huartek idatzia, 1617an; Leireko San Salbatore Abadiako liburutegia, biblia hebrearrarengatik (1595); eta Iruñeko Kaputxinoen Liburutegi Nagusia, honako hauek emateagatik: Calahorrako elizbarrutiaren meza liburua (Miguel Egia, 1531),Axularren Gero obraren lehen argitalpena (Lekarozkoa) eta Juan Antonio Fernándezen eskuizkribu autografoa (1770). José Mª Azcona jaunaren liburutegi partikularretik (1882-1951), kaparetasun exekutoria inprimatu eta eskuz idatzitakoen bilduma nabarmentzen da.


2021eko hasieran, BiNaDik 13.057 dokumentu zituen, gutxi gora behera 620.000 orrialderekin. Horien artean, XV. eta XIX. mendeen arteko inprimaki zaharrak aurki daitezke, Nafarroako Liburutegietakoak eta beste ondare liburutegi batzuetakoak; gehienak liburuak eta liburuxkak dira, baina mapak, grabatuak eta argitalpen seriatuak ere daude. Horrez gain, bai eta 2006ra arte Príncipe de Viana, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra eta Fontes Linguae Vasconum aldizkarietan –Nafarroako Gobernuak argitaratuak denak– argitaratutako artikulu digitalizatuak ez ezik, Nafarroarekin lotutako obrak ere biltzen dira, Nafarroako Kutxak XX. mendearen azken herenean argitaratuak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak emanak.

 

 

Azken eskuraketak

https://www.pinterest.es/binadinavarra/

 

BiNaDi - navarra.es